
HISTORIA

Azpeitia eta txirrindularitzaren arteko lotura aspaldikoa da. 1910ean ageri dira lehen txirrindularitza zantzuak, hain zuzen ere Inazio Deunaren festetan ospatzen zen lasterketei erreferentziak egiten dizkien dokumentuak baitaude. Hala ere ez zen 1923arte izan Azpeitiako lehen taldearen sorrera, kasu honetan Azpeitiako Batasuna Elkartea (Sociedad Union Azpeitiana) eta hau, txirrindularitza taldeak osatu eta lasterketak antolatzeaz arduratzen zen.
ā
1929. urtean lehen aldiz LAGUN ONAK izena agertzen da erregistroan, Batasuna Elkarteari lekukoa hartuz eta Azpeitiko kirol ekitaldi eta taldeez arduratuz. Hala ere, ez zen 1962ra arte bereiztu Lagun Onakeko Txirrindularitza Komisioa, Romulo Alvarez (ordungo taldeko lehendakaria) buru zenean hain zuzen ere. Bereizteak onura ekarri zion txirrindulari taldeari, hala nola, Urrakiko Igoera ospatzen hasi baitzen 1964an.
ā
Urte oparoak izatetik gainbeheran erori zen pixkanaka txirrindularitzaren indarra Azpeitian. Horren ondorioz, saiakera berri bat egin zuten 1976an, Pikua tabernan elkartzen zen lagun talde batek, herriko txirrindulariei laguntza emanaz. Are eta indar handiagoa hartu zuen Santi Lazkanok bere ibilbide profesionala utzi eta Lagun Onaken hasi zenean.
ā
Lazkanok, herriko taldea indartzeari ekin zion. Urola Eskola sortu zuen eta behin betiko izaera hartu zuen taldeak, Lagun Onak Kirol Elkarteko atala izateari utzi eta talde independente bihurtu baitzen. Lasterketetara berriz izen handiak ekarri zituen (Merckx, Tarangu, Lejarreta, Gorospe, Moser, Wellens, Conti…) eta baita izen handiko lasterketak ere: Euskal Herriko itzulia birritan ezagutu zuen Azpeitiak garai hartan.
ā
1985ean kolpe latza jaso zuen taldeak, gorenean zegoenean hain zuzen ere, Santi Lazkano hil baitzen moto istripu batean. Taldearen etorkizunaren inguruan ezjakintasuna eta urduritasuna egon arren, gainerako arduradunek taldeari eustea erabaki zuten zorionez, bai tinko eutsi ere, Lazkanoren omenez aurrera egin baitzuten.
ā
1986an eratu zen ofizialki Lagun Onak Txirrindulari Elkartea, fundazio akta idatziz eta horrekin batera bere izaera ezarriz: “irabazi asmorik gabeko talde pribatua da eta bere helburu bakarra kirola eta jarduera fisikoa sustatzea izanik, lehiaketa ofizialetan parte hartuz eta txirrindularitza zein beste kirol mota batzuk landuz.” Hala ere, gaur egun formazio integralari garrantzia handia ematen diogu, izan ere ez txirrindulariak soilik, baizik eta pertsonak formatzen ari garela garbi baitaukagu.
Ordundik, Lagun Onaken 50. urteurrena zein Urola Eskolaren 25. urteurrena ospatu ditu Lagun Onakek, Euskal Herriko Itzulia zein Gipuzkoa Klasika bezalako lasterketak ekarriaz Azpeitira.